lunes, 31 de mayo de 2010

Fermin Muguruza


Fermin Muguruza (Irun, Gipuzkoa, 1963ko apirilaren 20) euskal musikagilea, abeslaria eta ekoizlea da.

Iñigo Muguruza anaiarekin eta Mattin Sorzabalbererekin ( gerora Treku Armendaritz sartuko zen) 1982an Kortatu punk-ska musika taldea sortu zuen. 1988an taldea desegin zen, baina Fermin eta Iñigo, Kaki Arkarazorekin elkartu ziren berriro 1990ean, Negu Gorriak osatzeko. 1997an Dut taldearekin aritu zen. Hala ere hainbat disko atera ditu bakarlari gisa.

1983. urtean sortu zuen Fermin Muguruzak bere lehen musika taldea, 20 urte besterik ez zuela: Kortatu. Iñigo Muguruza anaia txikia eta Javier Armendariz Treku izan zituen bidaide lau urte iraun zuen abentura hartan. Talde mitiko harekin punk, rock eta ska giroak jorratu zituen, nerabezaroaren sukarraz dibertsioa eta aldarrikapena uztartuz.
Kortatu desegin eta gero, 1989. urtean, Negu Gorriak sortu zuen, berriz ere Iñigorekin, baita Kaki Arkarazo (M-ak) gitarrista eta soinu hartzailearekin ere. Geroago, Mikel Kazalis (Anestesia) eta Mikel Abrego (Bap!!) batu zitzaizkion hirukoari. Sekulako astindua ekarri zion taldeak euskal rockari, eta eragin handia izango zuen geroago sorturiko hainbat talderen artean. Negu Gorriak aitzindaria izan zen mestizajearen bidetik musika era ezberdinak nahasten eta teknologia berriak erabiltzen.

Taldea maila gorenean zela, 1996. urtean, Negu Gorriak desegiteko erabakia hartu zuen bostekoak, eta bakarkako bideari ekin zion Muguruzak. Lehen saioa Dut hiruko taldearen alboan egin zuen. Negu Gorriaken hainbat kontzertutan aritutakoa zen Dut, eta bi disko zituen kalean, Esan Ozenki diskoetxearen eskutik. Isiltasunean eta sekretupean landuriko proposamen hori Muguruzak gustukoak dituen efektu kolpe horietako bat izan zen. Musikalki, Negu Gorriaken gogortasunaren jarraipen gisa har daitekeen arren, ñabardurak eta berezitasunak zituen elkarlan berriak. Nagusiki rock indartsu eta hardcore giroetan murgildu zen Muguruza, Joseba Ponce (baxua), Galder Izagirre (bateria) eta Xabi Strubell (gitarra) musikariekin batera. 1997. urtean, Xabi Pery (Itoiz) soinu teknikariaren estudioan Ireki ateak (Esan Ozenki) grabatu zuten, eta nazioarteko kontzertu bira abiatu zuten diskoa aurkezteko: Kuban, Argentinan, Uruguain, Kolonbian, Venezuelan, Espainian (Madrilgo Festimad jaialdian, besteak beste) eta, noski, Euskal Herrian aritu ziren, baita New Yorkeko CBGB areto mitikoan ere. Gaitzerdi antzerki taldeak landutako eszenografia ikusgarria erabili zuten Euskal Herriko emanaldietan.

Fermin Muguruza eta Duten arteko elkarlanak iraungitze data zeukan, eta kontzertuekin amaitu eta gero, bakarkako bideari ekin zion Muguruzak. Ordutik aurrera, bide horretan bidelagun asko izan dituen arren, horien artean baten bat nabarmentzekotan, Jamaikako sustraiko musika nabarmendu behar da. Izan ere, reggaea eta haren aldaerak (ragga, roots, dub, rock-steady, dance-hall...) jorratu ditu Muguruzak azken hamarkadako lan guztietan. Reggaea presente egon da Muguruzaren ibilbidean Kortaturen lehen garaietatik ("Sarri, Sarri" kantua, Toots & The Maytalsen moldaketa bat da), eta Negu Gorriaken "B.S.O." kantuan aldarrikatzen zuenez, bere sustraiak "rock, rap, reggae" ziren.

Diskografia
Kortatu
Kortatu/Cicatriz/Jotakie/Kontuz Hi! (1985)
Kortatu (1985)
A frontline compilation
El estado de las cosas (1986)
Kolpez kolpe (1988)
Azken guda dantza (1988)
Negu Gorriak
Negu Gorriak (1990)
Gure Jarrera (1991)
Gora Herria (1991)
Borreroak Baditu Milaka Aurpegi (1993)
Hipokrisiari Stop! Bilbo 93-X-30 (1994)
Ideia Zabaldu (1995)
Ustelkeria (1996)
Salam, agur (1996)
1990-2001 (DVD + Live CD) (2005)
Fermin Muguruza eta Dut
Ireki Ateak (1997)
Fermin Muguruza
Amodio eta gorrotozko kantak (1984-1998) (1998)
Brigadistak Sound System (1999)
erREMIXak (1999)
FM 99.00 Dub Manifest (2000)
Korrika. mundu bat euskarara bildu (2001)
In-komunikazioa (2002)
Irun Meets Bristol. Komunikazioa (2003)
Sala Apolo, Barcelona 21/01/04 (2004)
99-04 DVD + CD (2005)
Xomorroak (Bizitza lorontzian) (2005)
Euskal Herria Jamaika Clash (2006)
BASS-que Culture DVD + Remix CD (2006)
Afro-Basque Fire Brigade Tour Argazki liburua + DVD (2007)
Asthmatic Lion Sound Systema (2008)

No hay comentarios:

Publicar un comentario